2. eguna - gaztejarduerak
Publicador de contenidos
08:00etan esnatu gara. Esnatu bezain pronto gazteek dutxatzeko aukera eduki dute, aldi berean gelak zein maletak atontzeko betebeharra eduki dutelarik. Behin adierazitakoa eginda zinearekin loturiko jardueretan murgildu gara, Santanderreko Zine Eskolako profesionalen gidaritzapean betiere. Aurkezpenak eta abar egindakoan lehendabizi profesionalok ondorengo egunetan beraiekin aurrera eramango ditugun jarduera, ekintza eta dinamikak plazaratu dizkigute, jarraian filmen grabaketaren atzean dagoen guztia aztertu dugularik modu teorikoan baina aldi berean askotariko materialak erabiliz (aurkezpenak, telebista, kamarak, argiak, mikrofonoak, bideoak, filmak, kortometraiak...). Ostean hamaiketakoa egin dugu, deskantsu txiki batekin batera, grabaketak praktikara eramatearekin jarraituz, gazte guztiek hartu dutelarik parte filmen grabaketako postu ezberdinetan jardunez (besteak beste zuzendari, aktore, soinu-teknikari, bigarren zuzendari, diseinatzaile, editore... moduan). Amaieran ondorengo egunetan gazteek sortuko dituzten kortometraiak aurrera eramateko taldeak osatu ditugu. Bukatzean Santanderreko Zine Eskolako kideek alde egin dute eta gu bazkaltzera joan gara, jan eta gero ordu beteko denbora libreaz gozatzeko. Arratsalderako “ur-gymkhana” zegoen programatuta baina eguraldi freskoa tarteko jolas ezberdinetara jolastu dugu. Lehenengo “zelai-errean” aritu gara monitore zein gazte guztiok, gero gazteak banatu egin ditugularik eta batzuek frogaz beteriko zirkuitudun “harri-orri-har” jolasean aritu diren bitartean besteak “hanka-beisbolean” aritu direlarik. Gazte taldeak txandakatu egin dira eta horrela bi taldeek jolas guztietan hartu dute parte. Jokook gutxi ez eta denon artean sokatira, “beerpong” eta zapata-jaurtiketa ere burutu ditugu, merienda ordua heldu bitartean. Ordu hori heltzean merendatu eta denbora libreko tartea izan dute nerabeek. Denbora librea pasatzean igerilekuan bainatzeko eta dutxak hartzea tartea egon da, horri jarraiki, mahai joko anitzetan eta “hiltzailea”, “mundu soroa” eta “infiltratua” jolasetan aritu garelarik afaltzera joan arte. Afaldu eta gero hortzak garbitu eta mugikorrarekin aritzeko denbora tartetxoa egon da, “belada” iritsi arte. Beladarako “deabruen” jokoa geneukan prestatuta baina hastear ginela herriko ume batzuk instalazioetara sartzen saiatzen, harriak jaurtitzen, txistu egiten... hasi dira. Hori dela eta “belada” eraldatu eta mimikan aritu gara taldeka lehiatuz. Oso dibertigarria izan da eta harrigarria iruditu arren gazteek “deabruen” jolasa baino gustukoago eduki dutela adierazi dute.
Kontuak kontu eguna bikain joan da, gazteek zinez ongi pasatu dutelarik. Adierazgarria izan da monitoreon aldetik egoera aldaketetara egokitzeko eduki dugun gaitasuna. Gaitasun horri esker eguna aurrera atera dugu, oso modu duinean gainera.