Día 3 - gaztejarduerak
Publicador de contenidos
3. eguna (uztailak 17): gaur esnatu bezain pronto mugikorrak eman dizkiegu gazteei. Hau ez da ohikoa izaten, normalean iluntzean ordu-erdiko tartea edukitzen baitute mugikorrak erabiltzeko. Kontua da gaurkoan lehenengo irteera gauzatzeko eguna izan dela, zehazki Santanderrera joateko eguna. Hori dela eta gazteek mugikorrak kargatzen jarri dituzte eta gosaltzera joan gara. Behin gosalduta gazteek jantokia eta gelak batu eta eguna pasatzeko motxilak prestatu dituzte. Horiek egindakoan dinamismoa bultzatu asmoz biltzeko ohiko tokia aldatu eta parkean bildu gara, gazteei egunaren berri emateko (modu orokorrean, jakinaren gainean mantenduz baina sorpresak emate aldera guztia zehazki azaldu gabe). Azalpenak emandakoan guztien mugikor zenbakiak batu ditugu paper batean, eskursioan zerbait gertatzekotan guztiekin komunikazioa edukitzeko. Autobusa heltzean modu ordenatuan antolatu gara, Santanderrerako bidaia egin dugu kantu-kantari eta Filmotekara joan gara. Bertan zinearekin loturiko aurreko eguneko azalpenak uztartu ditugu eta “Tiburon” film klasikoa ikusi dugu adituen azalpenekin lagunduta eta ondorengo egunetan gazteek aurrera eramango duten kortrometraien eraketara bideratuta. Filma ingelesez ikusi dugu, gaztelaniazko azpitituluekin lagunduta. Egiari sor filma ingelesez jartzea ez dela ideia onegia izan esango nuke, gazteek arreta manten zezaten monitoreok ahalegin handia egin behar izan dugularik. Filmotekatik irtetean portua bisitatu dugu eta Sardinero futbol zelaiaren alboko marisma tankerako parke ederrera joan gara, lehenengo parkea bisitatu eta ondoren bertan bazkaltzeko. Bazkaldu eta gero denbora librea eduki dute gazteek, zeina aipatutako parkearen inguruan burutu dugun oso modu kontrolatuan (izan ere hiria festetarako prestatzen ari da eta ondorioz mugimendu ikaragarria egon da). Adierazitakoa egindakoan “Gameluaren Hondartzara” joan gara, nagusiki bertan pasatu dugularik arratsaldea. Karramarroak harrapatzen, bainatzen, gazteluak egiten, jolasten, eguzkiaz gozatzen... aritu gara erabateko lasaitasunean. Merienda ere bertan egin dugu. Zortziak aldera autobusa etorri zaigu bila hondartzara bertara eta aterpetxera joan gara. Aterpetxean gazteak dutxatu egin dira, mugikorrak kargatzen jarri dituzte eta afaltzeko antolatu gara. Afaldu eta gero monitoreok mugikor guztiak bildu ditugu eta denbora tarte gidatua gauzatu dugu. Denbora horretan jolas ezberdinetan aritzeaz gain (bonba, zelai errea, “zalduna”...) gazteek mezuak idatzi dituzte kutxa sekretuan sartzeko. Gero “beladan” murgildu gara. Gaurkoan HIT seriearen kapitulu bat ikusi dugu, hori ikuskatu ahala gazteek galderak prestatu dituztelarik. Izan ere bihar serie horretako protagonista bat etorriko da tailer ezberdinak dinamizatzera. “Beladaren” bigarren tartean kutxako mezuak irakurri ditugu musikaz lagunduta, mezuok joko ikaragarria eman dutelarik. 12:00etan ohera joan gara. Eguna bikain joan da, ez delarik inolako intzidentziarik eman une batean ere. Gazteek ikaragarri gozatu dute.